[Español ]
Txitxiburduntzi eguna Euskal Herriko usadio zaharra da, berez hainbat tokitan Garizuma aurretik egiten zen ospakizuna da, inauteri igandeko aurreko igandean hain zuzen.
Egun horretan jendea mendira joaten zen, sua prestatu, burruntzi edo zotz batean iltzaturiko haragi puskak (“txitxiak”), txorizoa, txistorra zein data horietan egiten zen txerri-hilketaren beste txerrikiak sutan erretzen ziren.
Gaur egun, Euskal Herrian jendaurrean txerri-hilketa erritualik ez da jada ospatzen, baina tradizio hau (aipatu egunean mendira joan eta bertan prestatutako janaria dastatu) gure inguruko hainbat herritan bizirik dago, eta ikastegien artean nahiko zabalduta dago.
Esan dezakegu ere, nolabait, egun honek inauteriko ospakizunei hasiera ematen diela (toki batzuetan Txitxi-burruntzi eguna Eguen Zuri deritzon Inauteriko astean ere ospatzen da).
Ekintza bezala, baita egin ahal da (eta egiten da) aipatutako datetik kanpo. Taldetxo bat elkartu, mendira joan eta egitea besterik ez da behar.
Txitxi-Burruntzi (edo Txitxi-Burduntzi) Eguna, berez animali baten hilketan oinarrituta izan arren, oso erraza da “beganizatzea” eta animalien esplotaziorik (hilketa barne) nahi ez duen gizarte bati egokitzea.
Txitxi-burruntzi eguna kanpoan (mendian zein toki irekian) une alaia pasatzeko aitzakia paregabea da, burruntzian prestatutako janariak dastatuz. Ikasleekin, lagunekin zein senitartekoekin ospatzen da, eta leku batzuetan erromeriak ere antolatzen dira, ospakizunekin, jolasekin, musika eta dantzaldiekin. Eta aitzakia ezin hobea, halaber, erakusteko egun horretaz goza daitekeela landare-alternatibekin, animaliarik hil beharrik gabe.
Tradizo hau etikoki eta era begano batean ospatzea oso erreza da, bakarrik egin behar da animalia-jatorriko elikagaiak landare-jatorriko beste batzuekin ordezkatzea, eta horrela egun paregabea pasatzea animalirik esplotatu gabe edo hil gabe. Gaur egun, txorizo, saltxitxa, hanburgesa eta abarren ordezko begetal ugari dago, parrillan erre daitezkeen betiko barazkiez gain.
Ondoren, txitxiburduntxi begano (janari %100 begetalarekin) on bat prestatzeko, lotura batzuk gomendioekin, errezetekin eta erabilgarri informazioarekin (gazteleraz):
www.vegaffinity.com/comunidad/receta/parrillada-de-verduras–r319
www.gastronomiavegana.org/recetas/consejos-y-recetas-para-una-buena-barbacoa-vegana
www.ecoosfera.com/2012/09/parrillada-vegetariana-cinco-deliciosas-opciones
BESTE GOMENDIO BATZUK:
* Gaur egun mendian sua egitea debekatuta dago, beraz horretarako baimenduta edota prestatuta dauden lekuak erabili behar dira.
* Burduntzia egiteko lurretik jasotako egurrak edo adarrak erabili, ez apurtu zuhaixketako edo zuhaitzetako adarrak.
* Hondakinak jaso.
* Burruntzia utzi baino aurretik lurraz, uraz,… sua ondo itzali dugula ziurtatu.
* Natura errespetatu. Mendia, animaliak, zuhaitzak, landareak zaintzea denon erantzukizuna da.
No se han encontrado comentarios